AURKEZPENA AURTENGO EGITARAUA ZALDIARRI OSTATUAK KONTAKTUA AURREKO URTEETAKO EGITARAUAK AFIXAK ARGAZKI GALERIA LOTURAK PORTUSOLOKO ZINA POESIA EZIN DA KABITU NEKAZARI LOKARTUA ITSASERTZEKO LORATEGI BATEAN

NEKAZARI LOKARTUA

Hasiera biblikoa izaten da. Begiak zabaldu orduko nagusitzen zaizu argia. Aurrez aurre dituzun horiek ez dute izenik. Beharrik ere ez duzu.

Gero hatz batek erakutsiko dizu nora eraman begiratua: hori ibaia da, beste hura errepidea, hangoak fabrika eta kea, horiek hostoak…

Handik aurrera zeureak dira. Betiko.

Niri, oharpen metaketa hura, galdera batek eten zidan pixka batean: ordura arteko haiek guztiak noiztik ziren niretzat paisaia? Galderak jo ninduen ohartu nintzenean ni baino zaharragoa den inori ez niokeela sekula esango: “bai paisaia ederra!” Esango nioke bazter, toki, inguru, leku zoko... Esango nioke lur.

Kanpoko ahots batek lagundu zidan nontsu nengoen antzematen.

Joan Fuster valentziarrari Josep Plak egin zion bisita Sueca jaioterrian. Fusterrek dioenez hango landa zabal eta jorien aurrean begiak bazkatzen zituen bitartean Plak zera esan zuen: “és bonic, perquè és ric” (ederra da emankorra delako).

Palafrugelleko idazlearen begiratua –esaten digu Fusterrek– nekazari batena da. Lurrari beti zerbait kendu behar hori.

Gutako asko hazi ginen sinetsita lurrari ez geniola merezi zuen ezer aterako ez behintzat gure aurrekoek egin zuten neurrian. Urteak joan ahala, haatik, badago lurra ukitzera bultzatzen gaituen zerbait. Ezin izan ditugu aurretik izan genituen haien keinuak ahantzi.

Horregatik, makurtzeko joera dugu tarteka, golde edo aitzur zahar ikusezinak eskuetan. Pixka bat izerditu eta burua jasotakoan ingurura botatzen ditugu begiak haize leun batek freskatzen gaituen bitartean. Alferrik ari gara ezer argitzeko ahaleginean, oraindik ere paisaia handi horrek ezkutatu dituenak etengabe mintzatzen zaizkigu, xuxurlari.

Pello Lizarralde